XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JUAN PAULO II. ARGIA ETA ILUNA

Poloniak Wojtyla Juan Paulo II. izateko aukeratua izateak harritu eta pozez betetzen gaitu.

Aurreko 450 urteetan Aita Santu italiarrak izan ondoren, tradizio hori apurtzeak gure txalorik beroenak merezi ditu.

Bere 58 urteek orain arte ikusi ez dugun gaztetasun bat adierazten digute.

Bera dugu mende hontako Aita Santurik gazteena eta Pio IX. bakarrik izan zen gazteagoa joan den mendean (54 urte).

Kontserbadoretzat eman dute, baina Polonian fede tradizional bat bizi duen herri horretan bere ekintza esperantzaz, heldutasunez, zabeltasunez eta kristau pozez beterikoa izan da.

Kontzilio eta Sinodoaren babespean sorturiko Aita Santu bezala, hauxe iragarri du bere lehen mezuan: Elizaren barne-egituraren aldaketa behartuko duela, zuzendaritza kolegiatua indartuaz.

Hau da, gotzain konferentziak, sinodoak eta CELAM (Conferencia Episcopal Latinoamericana) delakoaren antzekoak bultzatuaz.

Bera bizitzari begiratuz, jakitun, artzai eta erlijio gidari bezala agertzen zaigu.

Poloniarra, hau da, errejimen komunista duen herri katoliku batetakoa izateak esperantza bat dakarkio Elizari.

Hain zuzen, ikuspegi zabalago batetatik, aurrera jo dezake kristauen eta marxisten arteko elkarrizketak.

Mundu aberats bat (ez diruz aberatsa), orain urte batzu ixilpeko Eliza deitua, ezagutuko dugu.

Ez dago den dena eginda, baina orain arte, gizatasunez beteriko Aita Santu bat ikusi dugu, hurbilekoa, gure artekoa, ebanjelikoa, kuriapetik sortu ez dena... desberdina.

Zerbitzari, zerbitzarien zerbitzari izan nahi duen Aita Santu bat.

Gizon hitza errespetu osoz aipatu zuen.

Eta beste hau ere esan zuen: Otoitz nire alde. Lagun nazazute, zuon zerbitzari izateko gai izan nadin.

Argi bat, esperantza bat, sortu da guregan.

Eskerrik asko.

ELIZAREN FINANTZABIDEA ZERGETAN DATZA

Espaniako Estatuan Elizak izango duen finantzabidea erabakirik dago.

Agintariek, herriaren atzetik, zera erabaki dute: zergak ordaindu orduan, herritar bakoitzek bere konfesioa aitortu beharko du, ondoren Estatuak Elizei, bakoitzari dagokiona bana dezaion; hau da, Alemaniako ereduaren antzera.

Oraingoa ikusita, aurrera emandako pausu bat da.

Baina tristetu egin gaitu eta gure indartxo osoz salatzen dugu.

Ez dator bat Ebanjelioarekin, ez.

Ez da hori inondik inora lehen kristau komunitateen arteko harremana.

Behar bada, Jesusen Jarraitzaileren batek, bere zergen berri eman orduan, ez du erlijioari dagokionik ezer aitortuko, Ebanjelioarekin ados ez datorren finantziabide hori salatu nahian.